XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenean, pasilloko zoko batean jarri nintzen ixilik, geldirik.

Ez nintzen ausartzen ez eta bilo baten mugitzerat ere.

Iziturik senditzen nintzen, ttipia, arriskuan dagoen kakalardo baten gisa, ez didazue sinetsiko, bainan gisa berean kakalardo nintzen garaiaz oroitzen nintzen, hala bilakaturik senditzen nuen ene burua.

Bet betan han urrutian, ez dakit iraganean, geroan ala ene aldean zen, pundu ttipi beltz bat igitzen asi zen, urratsak eta asotsak doi doia entzuten zirelarik.

Izitua nintzen, ikaratua; beste ate batean saiatu nuen, izkutatu nahiean, eta arriturik gelditu nintzen: atea ideki eta F. Bacon-en margo erakusketa bat bazegoen, gela haundi batean eta ikusten nehor ez, utsik.

Bainan zer duk hau? Pintore surrealista baten margotan nabilek? Film batean? Kafkaren kondaira batean? Ala dena amets txar bat duk?.

Amets txar bat? Ja, ja ja...!, ortots bat zirudien abotsez muturretara bota zidan ene aintzinean zegoen gizaki haundi batek.

Doikabe pundu beltza bera zen, nahiz eta orai bi gizaki ikusi.

Eta non nago, zer da hau, nor naiz? ausartu nintzen galdegitera, gero eta ttipiago, gero eta izituago senditzen banintzen ere.

Hi kakalardo bat haiz, ja, ja, ja...!, berriz ere irri-algarak eta mespretxuzko doinua.

Kakalardo bat?, bada halaxe senditzen nintzen, bainan haiek ni besterenatu eta apaldu nahi ninduten; ala ene sentipena asmatu ote zuten?

Ez nekien zer egin, norat jo.

Handik puska baterat ez nuke erranen denbora luze ala laburra izan zenetz, indar pixka bat sumatu nuen eta galdegin nioten: eta zu edo zuek nor zarete?